Soinuak

Sarrera

Hemen ez da ezer gertatzen. Ez da ezer zuzenduko, ez eraitsiko. Ez dator interpretaziorik. Ez ondoriorik. Hau hitzen hari baten mutur soltea da, behin soinuak izandako hitzena. Soinuak, unibertsoan han-hemen oihartzun egin zutenak, espazioaren txokoren batean, edo agian giza irudimenaren txokoren batean baino ez. Orain, lerro hauek zure begien aurretik igarotzen diren bitartean, soinu haien energia aspaldi itzali da, eta haien mamu-aztarna besterik ez da geratzen orrialdean. Denak isildu dira. Soinu guztiak, eta agian mundu hura bera ere, bere jendearekin. Baliteke are soinu hauek paperean trazatu zituen gogoa aspaldi arnasa hartu gabe egotea. Une hau bera — esaldi hau irakurtzen ari zaren unea — igaro den bezalaxe, liburu honetako une guztiak igaro dira. Munduko gertakarien sukar-murrumuran galduko ziren uneak eta irudiak, hemen idatzita geratu ez balira. Idatzi ziren nire munduaren eta zurearen arteko zubi bihurtzeko. Nire mundutik, esaldi hauek idazten ari naizen unetik, zure mundura, hauek irakurtzera esertzen zaren unera. Alde honetatik, hitzen haria askatzen dut, eta beste aldetik, zuk biltzen duzu. Haurtzaroan bezala, Maman-ek arropa zaharretako haria askatzen zuenean, eta guk haria hartu eta etxean barrena ibiltzen ginenean, haria pilatu ez zedin. Agian zure belaunaldia urte batzuk beranduago iritsi zen hariaren mundu hartara, baina imajina ezazu: behin, munduko txokoren batean, horrela jolasten zuten haurrek. Orain nik hitzen haria askatzen dut, eta zuk hartu eta zure mundura eramaten duzu, hemen, nire munduan, pilatu ez dadin.

Liburua hemen hasten da. Euskarazko edizio osoa bidean da; ordura arte, liburu osoa doan irakur daiteke: persieraz, ingelesez eta danieraz.

Soinuak